1. JESUSEN ALABAK KONGREGAZIOAREN HISTORIA:
Juana Josefa Cipitria y Barriola 1845eko maiatzaren 31n jaio zen Andoainen (Gipuzkoan). Seme-alaba ugari zituen artisau-familia bateko alabarik zaharrena zen bera; eta gazterik, etxea utzi zuen eta Gaztelara joan zen familia diruz laguntzeko asmoz.
Inguru hurbilekoei laguntza ematea ez ezik, beste gurari batek ere eragin izan dio bizitza osoan zehar: Jaungoikoaren nahia egitea. Inguruko jendearen egoerek kezkatu dute, eta laguntzeko prest egon izan da beti; batez ere behartsuenei.
Valladoliden, 1869ko apirilaren 2an, La Sagrada Familiaren aldarearen aurrean Jaunari bere nahia zein den argi diezaion eskatzen dio beste behin ere; eta "El Rosarillo"ko elizan Jaunak argi esaten dio bere guraria zein den: "Jesusen Alabak izeneko Lagundia sortzea; arimak salbatzearen alde lan egingo duena, haurtzaroan eta gaztaroan umeei irakatsiz eta heziz".
Salamancan, 1871ko abenduaren 8an beste bost emakumerekin batera ibilbideari ekiten dio, bera egiten ari dena "Jaunak nahi duena" dela jakiteak ematen duen konfiantzarekin. Horrela, Cándida María de Jesús izenarekin, kultura eta baliabide gutxiko emakume honek, Jesusen Alabak deritzon lagundia sortu du, XIX. mendeko unibertsitate-hiririk garrantzitsuenetarikoan.
Emakumea eta ekonomikoki ahulagoa zen jendea hezkuntza-eremutik kanpo uzten direla ikusten duenez gero, Ama Candidak bere ibilbideari ekiten dio. Laster, Salamancan hasi zena, Espainia osora hedatzen da. Geroago, 1911ko urriaren 3an Jesusen Alabak lagundiko lehenengo misiolariak Brasilera irteten dira, fundatzailearen pentsamendua egia bihurtuz: "mundua txikiegia da nire gurariak asetzeko", "edozein lekutara joango nintzateke arima bila".
2. JESUSEN ALABAK MUNDUAN:
Jesusen Alabak kongregaziokoek Brasila lehenengo bidaia egin eta urte batzuk geroago, 1931n hain zuzen ere, beste bide bat irekitzen da. Oraingoan ekialdera joko dute, Txina dute helmuga. Orduz geroztik, Jesusen Alabek bilatzen jarraitu dute jendea nola eta non ebanjelizatu hezkuntzaren bitartez. Bilaketa horren ondorioz, gaur egun misioa Argentinan, Bolivian, Brasilen, Kolonbian, Kuban, Txinan, Espainian, Filipinetan, Italian, Japonen, Mozambiken, Dominikar Errepublikan, Taiwanen, Thailandian, eta Venezuelan egiten dute.
Jesusen Alabek gaur egungo beharrei nola erantzun pentsatzen dutenez gero, zenbait hezkuntza-alorretan lanean dihardute egun: eskoletan, haurtzaindegietan, parrokietan, emakumeari laguntza emateko etxeetan, unibertsitate-eskoletan, gazteentzako egoitzetan eta ikasleen egoitza nagusietan. Gainera, beste erakunde batzuekin elkarlanean dihardute, helburua hau izanik: bazterturik bizi diren pertsonentzako bizi-baldintza duinagoak lortzea beraien inguruari egokituak.
Ebanjelizatzea da gure hezkuntza-jardueraren oinarri; eta beraz, kultura eta laguntzeko behar ezberdinei zabalik gaude. Heziketaren ondorioz, umeak, nerabeak eta gazteak gizartea aldatzeko eragileak izan daitezen nahi dugu.
Gure lana hezitzaile laikoekin batera egiteak gure hezkuntza-jarduera aberasten du; zeren eta beraiek ere giza esperientzien eta esperientzia kristauen ekarpenak egiten baitituzte, erlijiozkotik ezberdinak eta osagarriak direnak.
Bere borondatez, Jesusen Alabak ikastetxean parte hartzen duen hezitzaile laikoak bere egiten du gure hezkuntza-proiektua aurrera ateratzeko erantzukizuna.
Hezkuntza-komunitatetik hezteak komunitatea osatzen dugun guztion arteko elkarlana dakar; alde batera utzita norberekoikeria eta jarrera itxi, agintzaile eta buruaskiak.
3. FI NORTASUNA ETA MISIO KONPARTITUA:
Jesusen Alabak ikastetxeak burutzen duen zerbitzu apostolikoak helburu orokorra du beti: "lagun hurkoa salbatzen eta hobetzen laguntzea, kristautasunean heziz". Alegia, ikuspuntu kristautik "pertsona bere osotasunean" garatzea esan nahi du horrek; pertsonalizazio-prozesuan pertsonaren bi dimentsioak (gizabanakoarena eta gizartearena) uztartzen dira. Pertsonaren eremu biak bat egiteak norberaren alderdi guztien garapenean lagunduko du.
Ama Candidak duen hezkuntzari buruzko irizpideekin bat etorriz, gure nahia da gizon eta emakumeen garapenean laguntzea kide baliagarri izan daitezen gizarterako, Elizarako eta familiarako. Inguruko guztiak, eta batez ere behartsuenak, maite eta zerbitzatzeko gai izango diren pertsonak heztea, Jesusen aldeko aukera eginez, besteei dedikatutako gizona baita, zerbitzura, behartsuenentzat.
Hasiera-hasieratik Jesusen Alabak ikastetxeak pertsona bere osotasunean garatzeari eskainitako arretak argi uzten du guk dugun hezkuntzaren ulermena adimena lantzeaz haratago doala. Hezkuntza modu honetan ulertzearen zenbait ondorio hauek dira: anaitasunean, zuzenbidean, bakean eta fedea-kultura bikotean heztea.
Ama Kandidak utzitako heziketa estiloaren arabera, kristau-baloreetan murgilduriko giroan eta hezkuntza-prozesurako mesedegarri den giroan saiatzen gara gure hezkuntza-jarduera lantzen:
- Maitasun unibertsala eta solidarioa.
- Apaltasuna eta hurbiltasuna.
- Askatasuna eta alaitasuna.
- Pertsona zehatzari eta bere egoera zehatzari arreta egiten dion pedagogia.
- Hezkuntza pertsonalizatua.
- Inkulturalizazioa.
- Hezkuntzaren ikuspegi baikorra.
- Maitasunari lehentasuna.
- Motibazioa eta estimulua.