HIRUKIDEKO BIZIKIDETZA BEHATOKIA
ZER DA?
Bizikidetza positiboa bultzatzeko eskolan dugun organoa
ZEINTZUEK OSATZEN DUTE?
Hirukiden bi behatoki ditugu: Hirukide-Jesuitinetakoa eta Hirukide-Eskolapioetakoa. Bilerak bakoitzak bere aldetik egin arren, bileren gai-zerrenda Hirukideko Pedagogi taldeak proposatzen ditu. Beraz, bi behatokien artean koordinazio handia dago eta, beharrezkoa denean, elkarrekin bil daitezke.
Behatokian eskolako estamentu guztiak ordezkatuta daude: gurasoak, irakasleak, ikasleak eta zerbitzu ezberdinetako langileak. Gainera Tolosako Gizarte zerbitzuen ordezkaritza ere badugu.
HIRUKIDE-JESUITINETAKO BEHATOKIAREN KIDEAK:
- Monika Acebal: zerbitzuetako langilea (eskola orduz kanpko kiroletako koordinatzailea)
- Luz Clemente: Tolosako udaleko Gizarte Hezitzailea
- Izaskun Muñoa: gurasoa
- Aitor Alava: gurasoa
- Marian Iriarte: irakaslea
- Mª Angeles Elorza: zuzendaria
- Txaro Etxeberria: orientatzailea eta bizikidetzako arduraduna
HIRUKIDE-ESKOLAPIOETAKO BEHATOKIAREN KIDEAK:
- Nantxo Irurtia: zuzendaritza taldekoa eta Bizikidetzaren arduraduna
- Amaia Letamendi (aurten Karmele Luisek ordezkatu du): irakaslea
- Isabel Etxarri: ama eta AMPAko kidea
- Maialen Ezkiaga: Kirikiñoko monitorea eta 2. Batxilergoko ikaslea
- Maite Lopetegui: 4.DBHko ikaslea
- Sara Villanueva: 4.DBHko ikaslea
- Andoni Duran: Tolosako Gizarte hezitzailea
NOIZTIK HASI ZEN BERE LANA?
Hirukideko bi behatokiak 2006-2007 ikasturtean eratu ziren, beraz aurten bigarren urtea egingo du.
ZEINTZUK DIRA EGITEN DITUEN LANAK?
Bere eginkizun nagusia eskolako bizikidetza positiboa bultzatzea da. Organo berria denez, ibilbide laburra du. Aurreko ikasturtean eskolan egin zen Bizikidetza Planean aktiboki parte hartzea izan zen bere eginkizun nagusia. Berak prozesu osoaren jarraipena egiteaz gain estamentu guztien ekarpenen batuketa egin zuen. Aurten, behatokiak hartu dituen eginkizun nagusiak honako hauek dira:
- Bizikidetza planean 2007-2008 ikasturterako jarri ziren helburuen eta ekintzen jarraipena egin
- Eskolan, ikasturte honetan, bizikidetzari buruz egiten den guztiaren informazioa helarazi hezkuntza komunitateko estamentu guztiei
- Bizikidetza behatokiaren ezagutza komunitate osoari zabaldu
- Ikastetxea gurea dela eta, gu bertako partaide aktiboak izan behar dugulako sentimendua piztu hezkuntza komunitateko kide guztiengan: ikasleak, irakasleak, gurasoak, monitoreak…
- Ikastetxeko estamentu guztien artean komunikazioa eta parte hartze aktiboa bultzatzeko estrategiak pentsatu eta definitu
- Indarkeria eta tratu txarren prebentzioa eta detekziorako protokoloa aztertu eta neurriak proposatu
Kontuan izan behar da, behatokia ez dela arauak betetzen ez direneko kasuak aztertzeko eta neurriak edo zigorrak jartzeko organoa. Baita behatokiak zuzendaritza taldeari azken proposamenak egiten dizkiola, baina berak ez dituela erabakiak hartzen.
NOIZ ETA ZENBAT ALDIZ BILTZEN DA IKASTURTEAN ZEHAR?
Ikasturtean zehar 5 bilera egitea pentsatuta dago, baina behatokiaren esku geratzen da bilera gehiago egitea beharra baldin badago. Bilerak, asteazkenetan, arratsaldeetan, 15:30etatik 17:00ak arte izaten dira
NOLA AUKERATZEN DIRA BEHATOKIAREN KIDEAK ETA NOIZ ALDATZEN DIRA?
Esan dugu behatokiaren ibilbidea oso laburra dela. Oraindik ez da erabaki sistema bat kideak aukeratzeko. Iaz Bizikidetzari buruzko esperientzia pilotoan parte hartzeko behatokia eratu behar izan genuen ahalik eta azkarren. Horregatik, behatokiko kideei behatokian parte hartzeko gonbidapen zuzena egin zitzaien. Iraupena ez da oraindik erabaki. Iaz, azkeneko bileran, behatokiko kide guztiei galdetu zitzaien jarraitzea posible zuten eta ea prest zeuden jarraitzeko. Jarraitu nahi izan zutenek jarraitu dute, eta jarraitu nahi ez zutenek edo jarraitzerik izan ez zutenek ordezkatu egin dira behatokian izateko profil egokiak zituzten pertsonei gonbidapen zuzena eginez.
ZEINTZUK DIRA BEHATOKIAREN ERRONKA NAGUSIAK?
Behatokia eratzea eta behatokiko kideei lanak ematea ez da gai erraza izan. Organo berria izan da eta ez geneukan horren eredurik edo aurreko esperientziarik. Beraz, gure erronka nagusia behatokia eskolako bizikidetza organo bezala sendotzea da. Horretarako, komunitate osoak ezagutu behar du bere lana eta bere kideak. Gainera, guretzat oso garrantzitsua da bilera guztietara lan zehatz bat eramatea, behatokiko kideek zerbait praktikoa egin dezaten. Horrela, egiten ari diren lanarekin gustura sentitu daitezke, baliagarria delako.
ESKERRAK
· LASARTEKO BERRITZEGUNEKO ZUZENDARIA DEN OSKAR VIGUERARI ETA EUSTAKIORI: gure bileretan, beharrezkoa denean parte hartzen dutelako, bileretako gai-zerrenda pentsatzen, eta hainbat dokumentu ateratzen lagundu digutelako, eta beti gu motibatzeko prest egon direlako animoak emanez edo egindako lana zorionduz.
· BEHATOKIAN PARTE HARTZEN ARI DIREN EDO PARTE HARTU DUTEN KIDE GUZTIEI: beraien denbora, gogoa, lana musutruk egin eta egiten ari direlako, pentsatzen baitute, horrela, gure eskola eta gure ikasleen bizikidetza hobetuko dugula.
· ESKOLAKO ZUZENDARITZARI: gure proposamenak modu onez hartu dituztelako, eta saiatu direlako beti, pentsatzen ziren ekintzak burutu ahal izateko behar zen denbora ematen eta beharrezkoa zen antolaketa programatzen.
